Adimen emozionala

4. ADIMEN EMOZIONALA________________________________

4.1.- ZER DA ADIMEN EMOZIONALA?
Norbere buruaren zein beste inoren sentimenduak antzemateko gaitasuna, geure burua motibatzeko, harremanak era egokian menpean edukitzeko trebetasuna, bai eta emozioak sentitzeko, ulertzeko, kontrolatzeko eta aldatzeko gaitasuna ere.

4.2.- ADIMEN EMOZIONALA GARATZEAREN GARRANTZIA
Adimen emozionalarekin erlazionaturiko esku-hartzea behar beharrezkoa duten hainbat egoera dago bai familia, bai hezkuntza zein gizartearen alorrean.

Ikuspegi psikopedagogiakoari dagokionez, esku-hartze sozioemozionala oso garrantzitsua dela frogatu da (Álvarez, 2001), eskola porrota, ikasteko zailtasuna, ikasketak alde batera uztea, ikaskideekin harremanak izateko zailtasunak, etab. horren adibide direlarik. Egoera hauek heldutasun emozionalaren urritasun nabarmena eta egoera emozional negatiboak sortzen dituzte eta, ondorioz, ikasleek jarrera eta motibazio falta handia izaten dute arlo akademikoan.

Honekin batera, eta aipatutako egoerak kontuan hartuz, adimen emozionalaren garapena eta, beraz, konpetentzia emozionalaren garapena (Bisquerra, 2000 eta Goleman, 1995) ikasgelan gerta daitezkeen arrisku-faktoreen prebentzioan zentratzen da (Ibarrola, 2004), ikasleen emaitzak hobetu eta motibazio falta eta erasoak ekiditeko (Casel, 2003). Horrez gain, ikasleen arteko harremanak eta ikasleen ongizate subjektiboa hobetzea ere du helburu adimen emozionalaren garapenak (Extremera eta Fernández Berrocal, 2004).

Adimen Anitzen Teoriari (H. Gadner) esker, adimenaren paradigmak jasan duen aldaketak adimenaren eremua zabaldu du erabat, eta ordura arte susmatzen zena frogatu egin du: ikasketetan emaitza bikainak lortzea ez dela aski, baizik eta konpetentzia emozionalen garapena gizabanakoen arrakastaren %80 izan daitekeela. Izan ere, badago gaitasun intelektual handia duen arren beste alderdi batzuetan –lagunak ondo aukeratzeko orduan, esaterako- gaitasunik ez duen jendea; beste askok, aldiz, arrakasta handia dute negozioen munduan edo bizitza pertsonalean, eskolan erdipurdiko emaitzak lortu dituzten arren.

Konpetentzia emozionalen garapenaren bidez, ikasleek estrategia emozional ezberdinak erabiltzen ikasten dute, eskolan eta eskolatik kanpo, familian eta gizartean egoera emozional zailei aurre egiteko estrategiak: erregulazio emozionala, asertibitatea, enpatia, gatazken ebazpena… besteak beste.

Bestalde, kezkagarria da gure gizartean gero eta nabarmenagoa den lan-munduaren eta eskolaren arteko urruntzea. Lan–munduan kontziente gara, honezkero, titulu akademikoak ez direla hain garrantzitsuak ekimena, lidergoa edota talde-lana bezalako trebetasunen aldean. Eskola, aldiz, alderdi honetan atzerago dagoela dirudi, gaur egundo gizartearen gertakari eta beharrak kontuan hartzen ez dituela: eragozle kontsidera liteke, gizarte-eragile baino.
















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina